Zenbaketa
Botoak zenbatzeari boto-zenbaketa deritzo.
Behin bozketa amaitzen denean, Mahaietan zenbaketarekin hasten dira.
Boto-zenbaketa egiteko, mahaiburuak banan-banan aterako ditu gutun-azalak dagokion hautestontzitik, eta hautagai-zerrendaren izena ozenki irakurriz, boto-paper bakoitza irakurriko die mahaikideei, kontu-hartzaileei eta ahalordedunei.
Zenbaketa amaitutakoan, sortutako zalantzak eta/edo protestak gehiengoz ebatziko dira. Ondoren, Presidenteak ozen emaitza adieraziko du eta honakoa zehaztuko du: hautesle erroldatuen kopurua, emandako errolda-ziurtagiri kopurua, hautesle kopurua, boto-paper baliogabe kopurua, boto zuri kopurua eta hautagaitza eta hautagai bakoitzetik jasotako boto kopurua.
Mahaiak emaitzak argitaratuko ditu boto-zenbaketa akta baten bidez. Akta horren kopia bana emango die hautagaitza bakoitzeko ordezkariei, kontu-hartzaileei, ahaldunei eta eskatzen duten hautagaiei eta Administrazioko ordezkariari.
Emaitzak hain azkar ezagutzen dira, informazioa transmititzeko prozedura konplexu eta aurreratua dagoelako.
Hauteskunde-mahai bakoitzean Administrazioaren ordezkari bat dago; eta, boto-zenbaketa amaitu ondoren, mahaiburuaren eskutik boto-zenbaketaren aktaren kopia bat jasotzen du, mahai horren emaitzekin, eta Barne Ministerioko datuen totalizazioko zentrora igortzen ditu.
- Hauteskundeen egunean nazioko Gobernuak ematen dituen emaitza horiek Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoko 98.2 artikuluan ezarritakoa betetzearen ondorio dira: “Gobernuak behin-behineko informazioa eman beharko du hauteskundearen emaitzei buruz”.
- Europako Parlamenturako hauteskundeetan, emaitzen behin-behineko zabalkundea ezin izango da eskaini hautesleek azken botoa eman duten estatu kideko hautestontziak itxi arte.
- Boto-zenbaketa ofiziala eta behin betikoa hauteskundeen ondorengo bosgarren egunean hasiko da eta eskumena duten Hauteskunde batzordeek egingo dute. Europako Parlamenturako hauteskundeetarako, Probintziako Hauteskunde Batzordeak izango dira.
- Emaitza ofizialak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutakoak dira.
Behin betiko zenbaketa egin baino lehen, hauteskunde-batzorde eskuduna mahaitzat eratuko da, bertan ez dauden egoiliarren botoak zenbatzeko. Goizeko zortzietan, parte hartzen duten hautagaitzek izendatutako ikuskatzaileekin batera, mahaiburuak hautetsontzian sartuko ditu atzerrian bizi diren egoiliarren bozketako gutun-azalak, egun horretara jaso direnak, eta idazkariak boto-emaile bakoitzaren izenak idatziko ditu zerrendan. Jarraian, Batzordeak botoak zenbatu eta emaitzak behin betiko zenbaketan sartuko ditu.
Zenbaketa orokorra edo behin betikoa (Hauteskunde Araubide Orokorraren Lege Organikoko 103. artikulua eta hurrengoak LOREG) bozketaren ondorengo bosgarren egunean egiten da, eta dagokion hauteskunde-batzordeak egiten du. Ekitaldi bakarra eta publikoa da.
Batzordeburuak batzordearen eraketa-akta egingo eta sinatuko du; batzordekideek eta idazkariak ere sinatuko dute, bai eta hautagaitzen ordezkari eta ahalduntzat izendatutako pertsona behar bezala akreditatuek ere.
Boto-zenbaketa hasteko, idazkariak lege-xedapenak irakurriko ditu. Ondoren, hauteskunde-egunean epaitegietan entregatu ziren gutun-azalak irekiko dira (1. gutun-azala, mahai bakoitzari dagokion hauteskunde-dokumentazioarekin).