Irisgarritasunari buruzko gida

Pertsona Gorren Estatuko Konfederazioak eskainitako bideoa

Pertsona orok boto aktibo, kontziente, aske eta borondatezkoa emateko eskubidea izango dute, edozein dela ere boto hori adierazteko modua eta behar diren laguntza-baliabideak erabiliz (Hauteskunde Araubide Orokorrari buruzko Lege Organikoare 3.2. artikulua)

Administrazioak ziurtatu behar du desgaitasuna duten pertsonek Hauteskunde-mahai eta -lokaletara iristeko aukera-berdintasuna dutela eta ez dutela diskriminaziorik jasaten (Desgaitasuna duten pertsonek bizitza politikoan eta hauteskunde prozesuetan parte hartzeko oinarrizko baldintzei buruzko Erregelamenduko 2. artikulua).

Hauteskunde-prozesuetako irisgarritasunak bi adar ditu: Hauteskunde-lokalera bozkatzera doazen pertsonena eta Hauteskunde-mahaietako kide izendatuak izan direnena.

Pertsona Gorren Estatuko Konfederazioak eskainitako bideoa

Hauteskunde-lokal eta -mahaiek irisgarriak izan behar dute.

Hauteskunde-mahaietako kideek desgaitasunen bat duten pertsonek botoa ahalik autonomia handienarekin eman dezaketela bermatuko dute, eta horretarako beharrezkoak diren zentzuzko egokitzapenak egingo dituzte.

Estatuko Administrazio Orokorrak kudeatu behar dituen hauteskunde-prozesuetan, Hauteslekura joateko garraio publiko irisgarririk ez dagoela egiaztatzen bada, Estatuko Administrazio Orokorrak doako garraiobide egokiak jarriko ditu mugimendu-desgaitasuna duten pertsonentzat, hala eskatzen badute, baldin eta aurrekontu-baliabideak badaude. Horretarako, eskumena duen eskualdeko hauteskunde-batzordera jo daiteke edo, zuzenean, dagokion Gobernu-ordezkaritzara.

Hauteskunde-garaian irisgarritasunari buruzko kexa edo eskaerarik egonez gero, Eskualdeko hauteskunde-batzorde eskudunari bidal daitezke.

http://www.juntaelectoralcentral.eu/

Pertsona Gorren Estatuko Konfederazioak eskainitako bideoa

Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren 4. artikuluaren arabera aitortutako desgaitasun-egoera nahikoa da hauteskunde-mahai batean parte hartzeko betebeharretik salbuesteko.

Desgaitasuna duen pertsonarentzat, daukan desgaitasun-maila gorabehera, desgaitasun-deklarazioa aurkeztea nahikoa izango da eskualdeko hauteskunde-batzordeak salbuespena onar diezaion eta hauteskunde-mahai bateko kidea izatea eragozten edo zailtzen dioten oztopoak zehazten dituen osasun-agiririk ez du aurkeztu beharko (6/2011 Jarraibidea, apirilaren 28koa, Hauteskunde Batzorde Zentralarena).

Eskubide hori erabili nahi ez balute, Administrazioak doako zenbait zerbitzu eskaintzen dizkie hauteskunde-mahai bateko kide izateko izendatutako pertsonei:

  1. Pertsona gorren edo entzumen-desgaitasuna dutenen kasuan, zeinu-hizkuntza interpretatzeko doako zerbitzua, bai titularrentzat, bai ordezkoentzat (Espainiako zeinu-hizkuntza izan, edo, hala badagokio, autonomia-erkidegoetako berezko zeinu-hizkuntzak izan).

  2. Halaber, entzumen-protesien erabiltzaile diren pertsona gorrek edo entzumen-desgaitasuna dutenek, bai titularrek, bai ordezkoek, indukzio magnetikoko begizta doako zerbitzu bat izango dute.

  3. Itsuen, gor-itsuen edo ikusmen-urritasun larria dutenen kasuan, administrazioak haien esku jarriko ditu pertsona horiek beren eginkizunak bete ahal izateko beharrezkoak diren tresnak eta mekanismoak. Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak bere eginkizunak behar bezalako autonomiaz bete ahal izateko beharrezkoak diren bitartekoak edo laguntzak zehaztuko ditu.

  4. Adimen-desgaitasuna duten pertsonen kasuan ere, aurreko kasuan bezala jokatuko da, eta Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak beharrezko baliabideak edo laguntzak zehaztuko ditu.

Zerbitzu horiek erabili nahi dituztenek idatziz eskatu ahal izango diote Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari, izendapenaren jakinarazpena jaso eta zazpi eguneko epean. Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak dagokion Gobernuaren Ordezkaritzari/Ordezkariordetzari jakinaraziko dio zer kasutan ebatzi duen dagokion zerbitzua ematea, eta Barne Ministerioari jakinaraziko dio, hari baitagokio estatu-mailako hauteskunde-prozesuak koordinatzea. Aldi berean, hala denean, Pertsona Gorren Estatuko Konfederazioari (CNSE) jakinaraziko dio, zeinu-hizkuntzako interpretearen doako zerbitzuaren kasuan, eta Pertsona Gorren Familien Espainiako Konfederazioari (FIAPAS), indukzio magnetikoko begiztaren kasuan.”

Pertsona Gorren Estatuko Konfederazioak eskainitako bideoa

Hautesle batek ezin badu posta bidez bozkatzeko eskaera Correoseko bulegoan zuzenean aurkeztu, gaixotasuna edo desgaitasuna dela eta (doako osasun-ziurtagiri baten bidez frogatu beharko da) berak baimendutako beste pertsona batek egin ahal izango du haren izenean, notaritzan edo kontsuletxean, hautesle bakoitzari indibidualki emango zaion agiri baten bitartez. Agiri horretan ezin izango da hautesle bat baino gehiago agertu, eta pertsona berak ezin izango du hautesle bat baino gehiago ordezkatu.

Dagokion hauteskunde-batzordeak baldintza guztiak betetzen direla egiaztatuko du kasu bakoitzean.

Hauxe da jarraitu beharreko prozedura: Interesatuta dauden pertsonak Notario batekin jarri beharko dira harremanetan, eta hark dohainik jardungo du (Notariotzaren Kontseilu Orokorra ) eta LOREG izenekoaren 72.c) artikuluak aipatzen duen doako osasun ziurtagiria emango diote.

Notarioa hauteslea bizi den tokira joango da, bere etxera, ospitalera, adinekoen-egoitzara edo senide baten etxebizitzara. Ondoren, ohiko posta bidezko bozketarako erabiltzen den prozedura bera jarraituko da.

Hau da: Ordezkatzen duen pertsonak posta bidezko botoa eskatzeko epearen barruan joan ahal izango du: apirilaren 16tik maiatzaren 30era— zuzenean joan ahal izango da, bere NANarekin eta notario-ahalordearekin, Correoseko edozein bulegotara, eta posta bidez bozkatzeko inprimakia eskatuko du. Correoseko zerbitzuek Hauteskunde Erroldaren Bulegora bidaliko dute dokumentazio guztia, eta bulego honek posta bidez bozkatzea eskatu dela adieraziko du erroldako zerrendetan –horrela, AURREZ AURRE BOZKATZERIK IZAN EZ DEZAN–. Era berean, ahaldunari, posta ziurtatuaren bidez, adierazitako helbidera edo, bestela, erroldan ageri den helbidera honako dokumentazio hau bidaliko dio:

  • Bozketarako boto-paperak eta gutun-azalak.
  • Errolda-ziurtagiria.
  • Botoa ematea dagokion mahaiaren helbidea zehazten duen gutun-azala;
  • Azalpen-orri bat.

Eskatzailea ordezkatzen duen pertsonak ere dokumentazio hori jaso beharko du, bere nortasuna egiaztatu ondoren. Bere helbidean ez balego, dagokion Correoseko bulegora joan beharko du dokumentazioa jasotzera.

Pertsona Gorren Estatuko Konfederazioak eskainitako bideoa

1. Naturaltasunez eta errespetuz jardun.

Desgaitasuna duten pertsonak pertsona autonomo eta independenteak dira, eta hala tratatu behar dira.

Ez da pentsatu behar pertsona batek, desgaitasun bat izate hutsagatik, laguntza behar duenik. Ingurunea irisgarria bada, desgaitasuna duten pertsonak zailtasunik gabe ibiltzen dira.

Zentzuz jokatu beti, eta berdintasunaren eta bereizkeriarik ezaren printzipioetan oinarrituz.


2. Galdetu lagundu aurretik.

Desgaitasuna duen hautesleari galdetu laguntzarik behar duen soilik behar duela badirudien. Eta, laguntza onartzen badu, jardun aurretik, galde iezaiozu zehazki nola lagun diezaiokezun.

Jo ezazu zuzenean desgaitasuna duen pertsonarengana, ez haren laguntzailearengana (adib.: haren konfiantzazko pertsona, zeinu-hizkuntzazko interpretea eta abar), halakorik badu.


3. Sen ona erabili.

Adibidez, egizu kontu gurpil-aulkian dagoen pertsona eserita dagoela, eta eserita dagoen pertsona baten aurrean makurtzea dela ohikoa, haren parean egoteko, edo aulki batean esertzea haren aurrean.

Desgaitasuna duen pertsona batek planteatutako gorabehera jakin baten aurrean ez badakizu nola jokatu, jarri harremanetan Administrazioak Hauteslekuan duen arduradunarekin edo Eskualdeko Hauteskunde-Batzordearekin.

Botoa ematerakoan ilara bat sortzen bada, desgaitasuna duten pertsonek botoa emateko lehentasuna izatea gomendatzen da.

Itsu-txakurrak, eta desgaitasuna duten pertsonentzako laguntza-txakurrak, beti onartuko dira; ezin izango dira behar dituen pertsonarengandik banandu, eta ez zaie trabarik jarriko, ezta arreta galaraziko ere.


4. Kontuz ibili kontaktu fisikoarekin.

Desgaitasuna duten pertsona batzuek beren besoak behar dituzte oreka mantentzeko. Besotik hartzeak, laguntzeko asmoa izan arren, oreka galtzea eragin diezaieke, edo ikaratu daitezke, kontaktu hori ez zutelako espero.

Saihestu gurpil-aulkiak edo makuluak ukitzea: desgaitasuna duten pertsonek euren espazio pertsonaltzat dauzkate elementu horiek.


5. Hauteslekurako sarbidea eta Hauteskunde-mahairainoko ibilbidea: laguntza eta informazioa.

Desgaitasuna duten hautesleek hala eskatuz gero, hauteslekuaren sarreran, Administrazioaren edo Segurtasun Indar eta Kidegoen ordezkariak dagokien Hauteskunde-mahairainoko ibilbidean lagundu ahal izango diete, gurpil-aulkian badoaz, aulkia bultzatu eta ukitu gabe, desgaitasuna duen pertsonak eskatzen duenean izan ezik.

Ikusmen-desgaitasuna duen pertsona bada, gure besoari heltzeko eskain diezaiokegu. Hala eginez gero, gure pausoa ikusmen-desgaitasuna duen pertsonarenera egokituko dugu, gabiltzan lekuaren ezaugarriak kontuan hartuta, eroso ibil dadin.

Argibideak eta orientazioa eskatzen badituzte desgaitasuna duten pertsonek (dela Hauteslekuan sartzeari buruz, dela hauteskunde-mahaira heltzeko Hauteslekuaren barruko ibilbideari buruz), ondorengo atalean zehazten diren jarraibideak hartu behar dira kontuan.


6. Komunikazioa errazteko jarraibideak: argi hitz egin ezazu.

Gorrekin edo entzumen-desgaitasuna dutenekin hitz egitean aurrez aurre jartzea komeni da, burua mugitu gabe. Haiekin ez hitz egin bizkarra emanda, makurtuta edo idazten ari garenean, ez oihu egin, normaltasunez ahoskatu, hau da, elkarrizketa arrunt bati dagokion erritmo normalean hitz egin, ahoan objekturik eduki gabe, aurpegiaren ikuspen argia oztopatu gabe eta, behar izanez gero, idazketa edo keinu naturalak erabil daitezke edo besoa pixka bat ukitu. Lekuak argiztapen ona behar du eta gorrak edo entzumen-desgaitasuna duen pertsonak ez du eguzkira begira egon beharko, argi kontra egoteak aurpegia ikustea zailtzen baitu.

Ez hitz egin hitz solteekin, hitz-erdiok gaizki-ulertuak eragin baitezakete. Gorrek esaldi baten eduki osoa behar dute testuingurua ulertzeko.

Ikusmen-desgaitasuna daukan pertsona batekin aritzean, ez erabili adierazpen generikorik, hala nola, honako hauek: “hemen”, “han”, “hau” … Kasu horietan hobe da esamolde orientagarriagoak erabiltzea. Adibidez: “zure ezkerrean”, “zure atzean”. Objektu bati buruzko informazioa eman nahi zaionean, abisatu ondoren, ikusmen-desgaitasuna duen pertsonaren eskua hartu eta informazioa ematen ari garen objekturantz eraman dezakegu, eta zer den esan.

Ikusmen-desgaitasuna duen pertsona batekin hizketan ari bagara, alde egin behar badugu, esango diogu; bestela, baliteke guri hitz egiten jarraitzea ondoan gaudelakoan. Era berean, itzultzen bagara, komeni da jakinaraztea.

Desgaitasuna duen pertsonak esan nahi diozuna ulertu duela egiazta ezazu.

Argibide gehiago: